XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dayoub, Bagdadeko morroia

Bazen behin, Bagdadeko hurian, merkatari aberats baten zerbitzuan lan egiten zuen Dayoub izeneko morroi bat.

Egun batez, goizaldetik, Dayoub morroia Bagdadeko azokara abiatu zen erosketak egitera.

Baina goiz hura ez zen beste goizak bezalakoa izan.

Goiz hartan Dayoubek Heriotza ikusi baitzuen azokan.

Eta heriotzak keinu bat egin baitzion morroiari.

Izututa, morroia merkatariaren etxera itzuli zen.

Nagusia, esan zion.

Utzidazu etxeko zaldirik azkarrena.

Gaur gauerako Bagdad honetatik urruti egon nahi nuke; gaur gauerako Ispahango huri apartatu hartan egon nahi nuke.

Baina, zergatik egin nahi duk ihes? galdetu zion merkatariak.

Azokan Heriotza ikusi dudalako, eta amenazuzko keinu bat egin didalako orduan.

Merkataria hunkitu egin zen, eta zaldia utzi zion.

Eta morroia abiatu egin zen gauean Ispahanen egongo zelako esperantzetan.

Zaldia bizkorra zen, eta, espero bezala, morroia Ispahan apartatu hartara ailegatu zen lehen izarrarekin batera.

Eta etxez etxe hasi zen, ate joka, babesa eskatuz.

Heriotzagandik ihes nabil, esaten zien atea zabaltzen ziotenei - eta ostatu eskatzen dizuet.